Donostiako Sustapenak Teknologia Berrien Zentroa ireki berri du Etxarrienen. Hala, orain arte Altza-Larratxon, Intxaurrondon eta Loiolan zeuden zentro sareari Martutene gehitu zaio.
Etxarrieneko Teknologia Berrien Zentro berriak 10 ordenagailu ditu autoerabilera gelan, eta 12 ordenagailu eramangarri erabilera anitzeko gelan. Gela honetan eskainiko dira, hain zuzen, prestakuntza ekintzak.
Donostiako Sustapenaren helburua Teknologia Berriak hiritarrei gerturatzea da; inoiz erabili ez dituztenei, nahiz ezagutza aurreratuagoak behar dituztenei. Horregatik hainbat ibilbide daude, informatika tresnak pixkanaka ezagutu eta aurrera egiteko. Europako ECDL agiria eskuratzeko prestakuntza ere eskaintzen du.
Gainontzeko Teknologia Zentroetan bezala, hiru hilabetero prestakuntza programazio berria eskainiko da. Martuteneko biztanleek eskaintza ezagutu eta prestakuntzarik egokiena aukera dezaten, martxoan hainbat ekimen antolatuko dira, aurrerago landuko diren gaietara gerturatzeko. |